Inicio

J. A. Pagola

Homilías

Lecturas del día

El Día del Señor

Diapositivas Eucaristía

Contactos

 

 

La voz del Evangelio

 

 

 

 

HARTU TA ZABALDU
domeka honetako Ebanjelioa…

BEHARDUGUN BERRIA

 

 


 

2019ko martxoaren 10a

Garizumako 1. Igandea (C)
 



Lukas 4,1-13

Jesus Espiritu Santuaz betea itzuli zen Jordandik. Espirituak eramanik, basamortuan barrena ibili zen berrogei egunez, deabruak tentatzen zuela. Egun haietan ez zuen ezer jan, eta azkenean gosetu egin zen. Deabruak esan zion, orduan:
– Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri honi ogi bihurtzeko.
Jesusek erantzun zion:
– Liburu Santuan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi.
Ondoren, deabruak, toki garai batera eramanik, munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion une batean eta esan zion:
– Hara, neureak ditut erreinu ahaltsu eta aberats guztiok eta nahi dudanari eman diezazkioket. Beraz, adoratzen banauzu, zeuretzat izango dituzu.
Jesusek erantzun zion:
– Idatzia dago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.
Orduan, Jerusalemera eraman zuen deabruak eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, esan zion:
– Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua hemendik behera, idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko. Besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.
Baina Jesusek erantzun:
– Agindua dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.
Orduan, bere tentazio guztiak agorturik, deabruak alde egin zuen Jesusengandik, hurrengo egokiera arte.

Jaunak esana.


 



EZ DESBIDERATU JESUSENGANDIK

José Antonio Pagola
 


Lehen kristau-belaunaldiek arreta handia eskaini zieten Jesusek jasan zituen proba eta tirandurei; alegia, Jainkoari leial izateko eta gizon-emakume guztiek bizitza gizatarragoa eta duinagoa izan dezaten Jainkoak duen egitasmoan parte hartzeagatik jasan zituen.
Jesusen tentazioen kontakizuna ez da pasadizo itxi bat, momentu jakin batean eta leku jakin batean gertatua. Lukasek argi ohartarazten digu, tentazio hauek amaitzean, «deabruak alde egin zuela beste okasio bat arte». Tentazioak behin eta berriz itzuliko dira Jesusen eta haren ikasleen bizitzan.
Horregatik, Jesusen jarduera profetikoa kontatu aurretik kokatu dute pasadizo hori ebanjelariek. Jesusen jarraitzaileek ondo ezagutu behar dituzte tentazio horiek hasieratik beretik; zeren mendetan barna berek gainditu beharko dituzten tentazioak baitira, baldin eta Jesusengandik desbideratu nahi ez badira.
Lehenengo tentazioan ogia aipatzen da. Jesusek uko egin dio bere gosea asetzeko Jainkoaz baliatzeari: «gizakia ez da ogitik bakarrik bizi». Lehenengo gauza, Jesusentzat, Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna bilatzea da: izan dezatela gizon-emakume guztiek ogia. Horregatik joko du egun batean Jainkoagana; baina, soilik, goseak den jendetza bat elikatzeko.
Badugu gaur egun ere tentazio hau: gogoan geure ogia bakarrik izatekoa eta, soilik, geure krisiaz kezkatzekoa. Jesusengandik desbideratu egiten gara ogia izatea geure eskubidetzat hartu, baina guztia falta zaienen dramaz, beldurraz eta sufrimenduaz ahazten garenean.
Bigarren tentazioan botereaz eta aintzaz hitz egiten da. Jesusek uko egin dio horri guztiari. Ez da ahuspeztuko munduko erreinu guztien inperioa eskaintzen dion deabruaren aurrean: «Jauna, zeure Jainkoa, adoratuko duzu». Jesus ez da ibiliko sekula bestek bera zerbitza dezaten bila, baizik berak besteak nola zerbitzatuko.
Gaur ere harrotzen da kristauen artean tentazio hau: iraganean Elizak izan duen botereari, nola edo hala, eutsi nahi izatekoa. Jesusengandik desbideratu egiten gara jendearen kontzientzia estutzen dugunean, geure sinestea indarrez ezarri nahi izatean. Jainkoaren erreinuari bideak ireki, ordea, mundu errukitsuago eta solidarioago baten bila gabiltzanean irekitzen dizkiogu.
Hirugarren tentazioan, jendearen begi-bistan, Jainkoaren aingeruak sostengu dituela, modu miresgarrian jaistea proposatu dio deabruak. Jesus ez da eroriko engainuan: «Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa». Eskatzen badiote ere, ez du egingo sekula zeruko seinale mirakuluzkorik. Soilik, onberatasun-seinaleak egingo ditu, jendearen sufrimendua eta oinazea arintzeko.
Jesusengandik desbideratu egiten gara geure agertu nahi harroa Jainkoaren aintzarekin nahasten dugunean. Gure agertu nahiak ez du agertzen Jainkoaren handitasuna. Soilik, premian direnekiko zerbitzu apal baten bizieraz agertuko dugu Jainkoak bere seme-alaba guztiei dien Maitasuna.


 



PARROQUIA DE SAN VICENTE MÁRTIR. UNIDAD PASTORAL ABANDO-ALBIA. PASTORAL BARRUTIA. BILBAO. Tfno. 94 423 12 96. Web: http://sanvicentemartirdeabando.org

 

 

 

 

Inicio

J. A. Pagola

Homilías

Lecturas del día

El Día del Señor

PPS Eucaristía