Inicio

J. A. Pagola

Homilías

Lecturas del día

El Día del Señor

Diapositivas Eucaristía

Contactos

 

 

La voz del Evangelio

 

 

 

 

HARTU TA ZABALDU
domeka honetako Ebanjelioa…

BEHARDUGUN BERRIA

 

 


2019ko otsailaren 10a
Urteko 5. Igandea C




Lukas 5,1-11

Behin batean, jendea gainera zetorkion Jesusi, Jainkoaren mezua entzuteko; Jesus Genesaret aintzira ertzean zegoen. Eta bi untzi ikusi zituen ur-bazterrean: arrantzaleak, untzitik jaitsita, sareak garbitzen ari ziren. Igo zen bietako batera, Simonenera, eta untzia lehorretik pixka bat aldentzeko eskatu zion; gero, eseri eta jendeari irakasten ziharduen untzitik. Hitzaldia amaitu zuenean, Simoni esan zion: Jo itsaso zabalera eta bota sareak arrantzurako.
Simonek erantzun zion: Maisu, gau guztian eginahalak egin eta ez dugu ezer harrapatu; baina, zuk diozunez gero, botako dut sarea.
Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain pila harrapatu zutenez, sareak puskatzeko zorian zeuden. Beste untziko lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; hurbildu ziren eta bi untziak ia ia hondoratzeraino bete zituzten. Gertatua ikusirik, Jesusen oinetara erori zen Simon Pedro, esanez: Alde niregandik, Jauna, bekataria naiz eta!
Izan ere, zur eta lur zeuden eginiko arrantzuagatik Pedro eta beronekin zirenak, bai eta Pedroren arrantzu lagun Santiago eta Joan Zebedeoren semeak ere. Baina Jesusek esan zion Simoni: Ez beldurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara.
Untziak lehorrera atera zituzten eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten.




EBANJELIOAREN INDARRA
Jose Antonio Pagola



Lukas ebanjelariak Galileako aintziran gertatu den arrantzu harrigarri eta ustekabekoaren pasadizoa idatzi du, Elizari arnasa emateko, konturatu baita bere mezua aditzera emateko egin dituen ahalegin guztiek huts egin dutela. Oso argi dago esan diguna: ebanjelioaren indarrean eta erakargarritasunean ipini behar dugu geure esperantza.

Ezohiko eszena batez hasi du kontakizuna. Jesus zutik dago aintziraren ertzean, eta «jendea haren inguruan pilatzen ari da Jainkoaren Hitza entzuteko». Ez doa jendea ikusminez. Ez da hurbildu gauza miresgarriak ikusteko. Soilik, Jainkoaren Hitza entzun nahi du Jesusen ahotik.

Ez da larunbata. Jendea ez da bildu Kafarnaumeko hurbileko sinagogan, urtean barna herriari irakurri ohi zaizkion irakurgaiak entzuteko. Ez da igo Jerusalemera Tenpluko apaizei entzuteko. Jendea hartaraino erakartzen duena Jesus Profetaren Ebanjelioa da, Nazareteko herritarrek ukatua.

Ezohikoa da arrantzuaren eszena ere. Gauez, arrantzurako garairik egokienean, Pedrok eta lagunek, beren kontura lan egin dutenean, ez dute lortu inolako emaitzarik. Aldiz, egunez, haien lana norabidetzen duen Jesusen Hitzari kasu eginez sareak bota dituztenean, arrantzu ugaria lortu dute, uste zutenaren kontra.

Kristautasunak gure artean bizi duen krisialdia gero eta argiagoa bihurtzen duten datuen hondo-hondoan, bada ukaezineko gertaera bat: Eliza modu ezin gerarazian ari da galtzen duela urte batzuk zuen erakarmen- eta sinesgarritasun-ahala.

Kristauok esperimentatzen ari gara ezen gero eta txikiagoa dela belaunaldi berriei geure fedea eskualdatzeko geure ahalmena. Ez da falta izan ahaleginik eta ekimenik. Baina kontua ez datza, itxuraz, estrategia berriak asmatzean, ezta nagusiki ere.

Iritsia da unea gogoratzeko ezen Jesusen Ebanjelioak baduela guk geuk ez dugun erakartzeko indar bat. Horrenbestez, hau da galderarik funtsezkoena: erakarmena eta sinesgarritasuna galtzen ari den Elizatik «gauzak egiten» jarraitu behar al dugu ala geure indar guztia Ebanjelioa berreskuratzen ipini behar dugu, gaur egungo gizon-emakumeengan fedea sortzeko indarra hark bakarrik duela pentsatuz?

Ez ote dugu Ebanjelioa lehen mailan jarri behar? Gauzarik inportanteenak une kritiko hauetan ez dira mendeen joan-etorrian landu diren doktrinak, baizik Jesus bera eta haren bizitza. Garrantzizkoena ez da jendea gure gauzetan parte hartzera etortzea, baizik Jesusekin harremanetan jartzea.

Kristau fedea esnatu, jendeak Jesusen sua aurkituko duenean bakarrik esnatuko da.



Eman aditzera Ebanjelioaren indarra. Bidali hau.



 



PARROQUIA DE SAN VICENTE MÁRTIR. UNIDAD PASTORAL ABANDO-ALBIA. PASTORAL BARRUTIA. BILBAO. Tfno. 94 423 12 96. Web: http://sanvicentemartirdeabando.org

 

 

 

 

Inicio

J. A. Pagola

Homilías

Lecturas del día

El Día del Señor

PPS Eucaristía