Inicio

J. A. Pagola

Homilías

Lecturas del día

El Día del Señor

Diapositivas Eucaristía

Contactos

 

 

La voz del Evangelio

 

 

 

 

 

HARTU TA ZABALDU
domeka honetako Ebanjelioa…

BEHARDUGUN BERRIA

 

 


2018ko urriaren 14a
Urteko 28. Igandea (B)


Markos 10, 17-30

Denbora haietan, bidean abiatzera zihoala, gizon bat etorri zitzaion lasterka eta, aurrean belaunikaturik, galdetu zion:
– Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?
Jesusek erantzun zion: Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik. Badakizkizu aginduak: Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, ohoratu aita-amak.
Hark, orduan: Maisu, gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia.
Jesus maitasunez begira jarri zitzaion eta esan zion: Gauza bat falta zaizu bakarrik: zoaz, saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.
Hitz hauek entzutean, ilun jarri zen gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe baitzen.
Inguruan begiratuz, Jesusek esan zien bere ikasleei: Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!
Harriturik utzi zituen ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek, berriro ere: Ene semeok, zaila da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea . Orratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.
Ikasleek, gero eta nahasiago, honela zioten beren artean: Nor salba daiteke, orduan?
Jesusek begira-begira jarri eta esan zien: Gizakientzat bai ezinezko, baina Jainkoarentzat ez, dena baitezake Jainkoak.
Orduan, Pedrok esan zion Jesusi: Hara, guk dena utzi dugu zuri jarraitzeko.
Jesusek erantzun: Benetan diotsuet: Niregatik eta berri onagatik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak, orain, mundu honetan, ehun halako etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur jasoko du, erasoaldiekin batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia.




JESUSEKIN KRISIALDIAN
José Antonio Pagola



Bideari ekin aurretik, ezezagun bat hurbildu zaio Jesusi, korrika. Itxuraz, presa du bere arazoa konpontzeko: «Zer behar dut egin betiko bizia heredatzeko?» Ez zaizkio axola bizitza honetako kontuak. Dena erabakia du.

Moisesen Legea proposatu dio Jesusek. Gauza bitxia bada ere, ez dizkio oroitarazi hamar aginduak, baizik lagun hurkoaren kontra aritzea eragozten dutenak. Gazte hori gizon ona da, judu-erlijioaren betetzaile fina: «Hori guztia txikitandik bete dut».

Jesus begira-begira gelditu zaio, maitasunez. Miresgarria da inori kalterik egin ez dion pertsona baten bizitza. Jesusek orain beregana erakarri nahi du gazte hori, gizatasun handiagoko mundu bat egiteko bere egitasmoan parte har dezan, eta proposamen harrigarri hau egin dio: «Gauza bat duzu falta: zoaz, saldu duzun guztia, eman dirua pobreei…eta, segidan, jarraitu niri».

Gauza askoren jabe da aberatsa, baina gauza bakarra falta zaio: Jesusi benetan jarraitu ahal izatea. Ona da gazte hori, baina diruari lotua. Bere aberastasunei uko egiteko eskatu dio Jesusek, eta pobreen zerbitzura jartzeko. Berea pobreekin partekatuz bakarrik jarraitu ahal izango dio Jesusi, honen egitasmoan parte hartuz.

Gaztea, ordea, ez da sentitu horretarako gai. Ongizatea du amesten. Ez du kemenik bere aberastasunik gabe bizitzeko. Ororen gain du jarria bere dirua. Eta uko egin dio Jesusi jarraitzeari. Korrika etorria zen Jesusez gogoberoturik. Triste urrundu da orain. Ez du sentituko sekula Jesusen lankide izatearen poza.

Gaur egungo ekonomi krisialdi hau gonbita da Jesusen jarraitzaileontzak, bizitza neurritsuagoa egitera, eskura dugun eta duintasunez bizi ahal izateko beharrezkoa ez dugun hura premian direnekin partekatzera. Galdera zehatzak egin beharrean gara, une hauetan Jesusi jarraitu nahi badiogu.

Lehenengo gauza, diruarekin ditugun harremanak berrikustea da: zer egin geure diruarekin?, zertarako aurreztu?, zertan inbertitu?, zeinekin partekatu premiazkoa ez duguna? Ondoren, geure kontsumoa berrikustea da: erantzukizun handiagoz jokatzeko, eta bihozkadaka eta alferrik xahutzen ibili gabe: zer dut erosten?, non dut erosten?, zertako dut erosten?, zeini laguntzen ahal diogu behar duena erosten?

Geure bihotzondoan egin beharreko galderak ditugu; baita geure familietan, geure kristau-elkarteetan eta eliz erakundeetan ere. Ez dugu zertan egin keinu heroikorik, baina, ildo horretan pauso txiki batzuk ematen baditugu, ezagutuko dugu Jesusi jarraitzearen poza, pertsona batzuen krisia gizatarrago eta jasangarriago eginez. Horrela ez bada, kristau ontzat izango dugu geure burua, baina gure erlijioari poza faltako zaio.

 



 



PARROQUIA DE SAN VICENTE MÁRTIR. UNIDAD PASTORAL ABANDO-ALBIA. PASTORAL BARRUTIA. BILBAO. Tfno. 94 423 12 96. Web: http://sanvicentemartirdeabando.org

 

 

 

 

Inicio

J. A. Pagola

Homilías

Lecturas del día

El Día del Señor

PPS Eucaristía