Gaixoaren Munduko Eguna

jornada mundial enfermo

Datorren otsailaren 11n, barikuz, Eleizan Gaixoaren Munduko XXX. Eguna ospatuko da. Hauxe da egun horretarako aukeratutako gaia: “Izan zaiteze errukiorrak, zeuen Aita errukiorra danez” (Lk 6, 36), eta goiburua: “Sufrimenduan lagundu”. Gaixotasunaren eraginez oinazetan dagozanei lagun egitea errukizko egintza da eta Osasun Pastoraltzaren funtsezko xedea.

Aita Santuak, mundu osoan ospatzen dan egun honetarako mezuan, gogoan ditu batez be sendagileak, erizaina, laborategiko teknikoak, gaixoak laguntzeaz eta zaintzeaz arduratzen diran beharginak eta, horreekaz batera, euren denpora oinazetan dagozanei eskaintzen deutsen boluntarioak, eta hauxe esaten deutse: “Osasun arloko eragileok, gaixoen ondoan, maitasunez eta arduraz beteten dozuen zerbitzuak lanbidearen mugak gainditu egiten ditu eta misino bihurtzen da. Zuen eskuak, Kristoren haragi oinazetsua ikutzen dabenak, Aitaren esku errukitsuen zeinu izan daitekez. Jabetu zaiteze zuen lanbidearen egundoko duintasunaz eta beragaz dakarren erantzukizunaz”.

Urtero lez, Eukaristia ospatuko da Bilboko Santiago katedralean, 19:00etan, aurton, Kerman Lopez Eleizbarrutiko bikario nagusia buru dala. Zuregaz eta zure taldekideakaz ospatu gurako geunke Eukaristia hau, gaixoen alde dozuen konpromisoa eskertzeko. Iaz lez, pandemiaren eraginez mugatu egin behar dogu katedralean sartuko dan jente-kopurua eta horregaitik ospakizuna zuzenean jarraitu ahal izango da Eleizbarrutiaren web orrialdetik: www.bizkeliza.org

Ospakizun honegaz hasiko dogun Gaixoaren 2022ko Kanpaina honek lagunduta, itxaropena eroan deiegula gaixotasunak jota sufritzen dagozanei eta euren zaintzaile diranei.

Azkenik, gogoratu gure parrokian Osasun Pastoraltzarako talde bat daukagula, adinekoak zaindu eta artatzeko konpromisoa garatzen duena.

ERANSKINAK: