Bidezko Merkataritzari buruzko hitzaldia

charla comercio justo

Datorren ostegunean, martxoaren 10ean, arratsaldeko 7etan Bengo-Lekun Bidezko Merkataritza zer den azaltzeko eta sentsibilizatzeko hitzaldia egingo da. Hego Berria taldeak jarduera hori egiteko beharra ikusi zuen, azken 20 urteetan, Kidenda eratu zenean, garatzen ari diren konpromiso hori zertan datzan zehatz-mehatz azaltzeko. Bidezko Merkataritzaren printzipioak eta produktuen jatorria eta fabrikazioa ezagutzea izango dira komunitate osoari irekitako topaketa honen helburuetako batzuk. Zuen zain gaude!

ZER DA KIDENDA?

Alboan, Caritasek eta Misioetarako Bilboko Ordezkaritzak sustatutako Bidezko Merkataritzarako egitasmoa da Kidenda. Hara zer lortu gura duen ekimen honek:

  • Hegoaldeko herrialdeen garapenari lagundu, bidezko merkataritzako erakundeen produktuak komertzializatuz.
  • Gizartea nazioarteko merkataritzaren, Iparralde-Hegoaldea harremanetan duen eraginaren, bidezko merkataritzak eskaintzen duen aukeraren eta kontsumo arduratsuaren alde egitearen inguruan sentsibilizatu.


Boluntarioek gauzatzen dute bidezko merkataritzaren egitasmoa eta eurek sustatzen dute Kidendaren egitekoa inguru hurbilean. Boluntarioak honako egintzetan banatzen dira: merkataritza, sentsibilizatzea, dendako arreta eta talde ekintzak. Kidenda 1996aren amaieran jaio zen. 2002ko abenduan bidezko merkataritzako denda zabaldu zen Bilboko Viuda de Epalza kalean. Esparru hau, gaurko sistema ekonomikoaren alternatiba izan daiteken proposamenei, bidezko merkataritzari eta kontsumo arduratsuari buruzko gogoeta eta ekintzarako lekua da. Merkataritza zuzenagoarekin eta, azken batean, kontsumo eredu batekin eta aberastasunaren birbanaketa zuzenarekin eta ekonomia balioetan ez ezik giza balioetan oinarritutako gizartearekin zerikusia duen proposamena martxan jartzea da.